Cookie-politika

Cookie propioak eta hirugarrenen cookieak darabiltzagu gure zerbitzuak hobetzeko eta, zure nabigazio-ohituren jarraipena eginez, zure lehentasunekin erlazionatutako publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilpen honekin ados zaudela ulertuko dugu. Konfigurazio hau aldatzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, jo hona

Berriak
Adrián González: "Aurrerapausoak ematen jarraitzen dut eta hori seinale ona da"
Partekatu:      

Adrián González: "Aurrerapausoak ematen jarraitzen dut eta hori seinale ona da"

14-09-2016

Euskadi Basque Country – Murias taldeko Adrian Gonzalezek bere denboraldiaren analisia egin du eta profesionaletan buruturako bigarren urtean izandako hobekuntzaz aritu da. Bere ustez, bai berak zein taldeak aurrerapauso nabarmenak eman dituzte eta ezinbestekoa da jendearen babesa proiektu hau hazten jarraitzeko.

Zer balorazio egiten duzu zure denboraldiaz?

Balorazioa oso positiboa da, uste du hobetzen jarraitzen dudala eta seinale ona da aurrerapausoak ematen jarraitzea. Helburu garrantzitsuak lortzea gustatuko litzaidake (nik edo taldekideek lasterketak irabazteak), baina nahiz eta hori lortzeko asko ahalegintzen garen, oso zaila da.

Momenturik onena eta txarrena?

Momenturik “onenak” esango nuke. Madrilgo Itzuliko taldekako sailkapena irabaztea, esprintean hiru txirrindulari aurreneko hamarretan sartuta, egun horretan hasieran genuen helburua lortuz, adibidez.

Boucles de L’Aulne (Frantziako Kopa) lasterketan, egun osoan taldearekin tiraka ibili ondoren, behin baino gehiagotan atzean gelditzeko arriskuan izan nintzen eta asko sufritu nuen. Hala ere, aurreneko hamarretan sartu nintzen esprintean, nahiz eta neke handiarekin iritsi azken kilometrotara.
Afizioari dagokionez, bai Getxon, eguneko ihesaldian ibilita jende ezagun askoren animoak jasota, zein Burgosko Itzulian, batez ere Lagunas de Neila igo genuen egunean (lagunak, familia, errepideko pintadak,…) bi egun oso bereziak izan ziren niretzat.

Momenturik txarrena, Burgosko Itzuliko 3. etapan. Villarcayon jende ezagun asko nuen zain errepide bazterrean, baina azken mendatean gurpila zulatu nuen. Oso hanka onak nituen egun hartan eta lasterketa buruan nenbilen, baina zulatuak postu ona lortzea galarazi zidan. Amorru handiz hartu nuen ezbehar hura, baina hurrengo egunean ahaztuta neukan. Momentu horiek ahalik eta azkarren ahazten saiatzen naiz!

Zertan hobetu du taldeak azken urte honetan?


Hobekuntza nabaria ikusi dut, elkartasun handiagoarekin lan egiten dugu lasterketetan. Gainera, iaz debuta egin genuen txirrindulariok aurrerapauso bat eman dugu. Taldeko beteranoak, hala nola Aritz, Gari eta Bizkarra, beraien denboraldirik onenetarikoa burutu dute aurten eta taldeko gazteena, Alex, oso maila altua eman du. Gainera, lehenengo garaipenak lortu ditugu bai Imanol Estévezekin zein Madrilgo Itzuliko taldekako sailkapenean.

Zure bigarren denboraldia izan da hau profesionaletan.  Zertan hobetu duzu bereziki?

Iaztik aurtengo denboraldira talde lanean gehiago aritzen ikasi dut, lasterketak hobeto irakurtzen eta tropelean nire lekua aurkitzen.


Zer berezitasun dauka hemengo afizioak?

Uste dut Euskadin kirol kultura dagoela, ez bakarrik txirrindularitzarena. Nik, txirrindularitza barrutik bizi dudala, ikusten dut jende asko arduratzen dela gutaz, harrobitik profesional mailara arte, bai eta emakume mailan. Lasterketetan ematen dizkiguten animoak, mendateetan biltzen den jendetza,…

Ikusten duzunean jubenil mailan espainiako txirrindulari guztiek talde euskaldunetan korritu nahi dutela edo munduko txirrindulari onenek euskal zaleak aipatzen dituztela sare sozialetan, zerbaitengatik izango da.

Zergatik babestu behar du jendeak proiektu hau?

Jende askok lan egin du gurekin azken urteetan eta bere denbora eman dute guri kirol gogor honen baloreak trasmititzeko. Pertsona hauentzat sari bikaina izango litzateke aurrera egiten dugula ikustea eta urrutira iristen garela. 

Orain mailarik gorenean talde euskaldunik ez dagoenenean, proiektu hau bultzatzeko momentua da. Errepide bazterrak betetzen dituzten zaleek bizilagun, lagun edo familia norbaitez osatutako talde bat munduko lasterketa onenetan izatea merezi dute.

Burgosko Itzulia amaitu ondoren taldeak atsedenaldia izan du. Nola prestatu duzu denboraldi amaiera?

Getxo eta Burgos ondoren aste batez deskonektatu egin nuen eta gero berriz ere ekin nien entrenamendu saioei. Lehiaketa falta gehiegirik ez nabaritzeko kotxearen atzeko entrenamenduak eta taldekako saioak egin ditugu. Azken hauetan gure artean norgehiagoka aritzen gara eta hau ondo datorkigu.

Zeintzuk dira zure hurrengo lasterketak? Zein helburu dituzu?

Hasiera batean, nire hurrengo lasterketa Tour de Vendée izango da. Nire ezaugarrietara ondo moldatzen den lasterketa da eta daukadan guztia ematen ahaleginduko naiz, betiko moduan, lan ona egiteko.