Cookie-politika

Cookie propioak eta hirugarrenen cookieak darabiltzagu gure zerbitzuak hobetzeko eta, zure nabigazio-ohituren jarraipena eginez, zure lehentasunekin erlazionatutako publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilpen honekin ados zaudela ulertuko dugu. Konfigurazio hau aldatzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, jo hona

Berriak
Alex Aramburu:
Partekatu:      

Alex Aramburu: "Txirrindulari gisa hobetu eta ofizioa ikasi nahi dut"

14-07-2016

Euskadi Basque Country Murias taldeko txirrindularia profesional gisa burutzen ari den lehen denboraldiaz aritu da. Nahiz eta 20 urte bakarrik izan, Aramburu maila oso altua erakutsi du lasterketa garrantzitsuetako ihesaldietan sartuz, hala nola, Espainiako Txapelketan edo Route du Sud-en, non Tourmaleten mendate pankartan lehenengoa pasatzeko zorian egon zen.

Hau da zure lehen denboraldia profesional gisa. Nola ikusi duzu zure burua?

Balorazioa oso positiboa da. Nire taldekideak baino beranduago hasi nuen denboraldia, belaunean izan nuen lesio baten erruz, baina zorionez oso ondo sendatu nintzen eta ez dit arazo gehiagorik eman.

Hortaz aparte, oso urte polita izaten ari da niretzat. 20 urte ditut eta eskerrak ematen dizkiot taldeari aukera hau didalako. Ez da erraza izan, hasieran erritmora eta lasterketen luzerara egokitzea zaila egin zaidalako, baina asko ikasten ari naiz eta txirrindulari gisa asko hazten.

Route de Sud-en protagonistetako bat izan zinen, Tourmaleteko etapan. Nola bizi zenuen etapa hura?

Oso etapa berezia izan zen niretzat. Tourmalet lehen aldiz igo nuen, eta gainera lasterketan nihoala. Irteeran Jon Odriozolak eta Ruben Perezek ihesaldian sartu behar nuela esan zidaten eta hori egin nuen, Aitor Gonzalezekin batera.

Oso egun gogorra izan zen ibilbidea eta eguraldiarengatik. Lasterketan zehar euri asko bota zuen eta Tourmaleten hotz handia jasan genuen, elurpean pasa genuen gaina. Irratiaren bidez, Jonek lehenengo postuan pasatzeko esan zidan, eta saiatu nintzen, baina azkenean bigarren izan nintzen.

Jaitsieran bost txirrindulari geratu ginen lasterketa buruan eta kilometro batzuetan aurretik ibili ginen. Hurrengo mendatean ezin nuen gehiago eta pelotoiak harrapatu ninduen.

Hori izan zen denboraldiko momenturik onena?

Baietz uste dut, bai lasterketan Tourmalet bezalako mendate bat igotzen izan nituen sentsazioengatik eta buruan mendatea pasatzeko aukerarengatik. Gainera nire lagunak mendate gainean zeuden animatzen eta hori beti da eskertzekoa.

Eta momenturik txarrena?

Hasieran, belauneko arazoak izan nituenean eta denboraldia beranduago hasi behar izan nuenean.
Gaizki pasa nuen guztiak lasterketan zebilela ikusita eta nik ezin nuen entrenatu ere. Azkenean dena pasa zen eta garrantzitsuena da lesiotik ondo errekuperatu nintzela.

Nola ikusten duzu taldea?

Ikusi da taldea oso lehiakorra dela eta hor ibili gaitezkeela. Asko ikasten ari gara eta guztion artean emaitza onak lortu ditugu. Oso egutegi ona daukagu, material ona, eta eskertzekoa da hainbatek proiektu hau aurrera eramateko egiten duten lana.

Zein helburu dituzu denboraldi amaierara arte?

Oso urte berezia izaten ari da niretzat eta espero dut horrela jarraitzea. Txirrindulari gisa hobetu nahi dut eta ofizioa ikasi. Orain etxeko lasterketak ditugu, Ordizia eta Getxo, eta bietan ondo ibiltzea gustatuko litzaidake.

Zer esango zenieke zaleei?

Beraien babesa eskatuko nieke. Euskal taldea gara eta hazten jarraitu nahi dugu, guztion artean helburu politak lortzeko. Txirrindularitza hemen momentu txarra ari da pasatzen eta uste dut une txar hori gainditu behar dugula.

Nork lortuko du taldearen hurrengo garaipena?

Garaipena ongi etorria izango da edonorren partetik etorrita ere. Beti oso hurbil gabiltza baina batek bakarrik irabazten du eta, gauzak ondo egiteaz gain, zorte pixka bat behar da. Orain arte garaipen bakarra daukagu, baina gehiago iristea espero dugu.