Cookie-politika

Cookie propioak eta hirugarrenen cookieak darabiltzagu gure zerbitzuak hobetzeko eta, zure nabigazio-ohituren jarraipena eginez, zure lehentasunekin erlazionatutako publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilpen honekin ados zaudela ulertuko dugu. Konfigurazio hau aldatzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, jo hona

Berriak
Beñat Txoperena: "Portugalen egunero ahalegindu ginen, baina ez genuen zorterik izan"
Partekatu:      

Beñat Txoperena: "Portugalen egunero ahalegindu ginen, baina ez genuen zorterik izan"

19-08-2016

Euskadi Basque Country Murias taldeko txirrindularia Portugaleko Voltari buruz aritu da. Taldea asko ahalegindu zen 11 eguneko lasterketa luzean, ia ihesaldi guztietan sartuz, baina errematatzeko zorterik ez zuen izan. Denboraldiaren gorabeherak eta datozen lasterketetan dituen helburuak komentatu dizkigu ere. 

Portugaleko Voltan asko ahalegindu zineten ihesaldietan, baina ez zenuten zorterik izan. Zein iritzi duzu taldeak egindako lanaz?

Ondo egon ginela uste dut. Jarrera zuzena izan zan, ihesaldi guztietan edo ia guztietan sartu ginen eta etapen lehian ibili ginen. Une zehatzetan zorte pixka bat falta izan zitzaigun eta ezin izan genuen errematatu, baina hor ibili ginen azken etapa arte.

Eta nola ikusi duzu zure burua?

Erdizka nago pozik. Helmugara iritsiko ziren ihesaldietan sartzeko asmoarekin joan nintzen Portugalera eta hainbat ihesaldi harrapatu nituen, baina ezin izan nuen helmugara lasterketa buruan iritsi.

Oso zaila izan zen ihesaldiak hartzea, lehia handia izan baitzen. Behin ihesaldia eginda, lan handia egin behar izan genuen ahalik eta urrutien iristeko, tropelak kontrol handia ezartzen zuen eta.

Oro har, uste dut nire maila nahiko ona izan dela, baina ezin izan dut etekinik atera.

Zazpigarren etapan ia lortu zenuten helmugara iristea. Kontaiguzu nolakoa izan zen etapa hura.

Oso azkar atera ginen. Tarteko helmuga ostean gurpila zulatu nuen taldea sakabanatzen ari zenean. Aldapa luze baten hasieran tropelean berriz ere sartzea lortu nuen. Oso azkar igo ginen eta jendea irekitzen zela ikustean, hanka onak nituela ikusi nuen.

Aldaparen amaieran tropeletik irten eta ihes egin genuen. Egun osoan zehar 5 minutu eta 20 segundoko abantailarekin ibili ginen eta azken 60 kilometroetan genuen guztia emanda joan ginen.

Azkeneko zirkuituko malda batean taldeak harrapatu gintuen, helmugatik 2 kilometrora.

Egia esanda, egun horretan Alejandro Marque besteak baino puntu bat indartsuago zebilen eta berari esker iritsi ginen hain urrun. Hori bai, ia ustekabean harrapatu genuen taldea!

Zer moduzko esperientzia izan da horrenbeste egun etxetik kanpo lehiatzea?

Egia esan, gustatu zait. Ez zait axola luzaroan etxetik kanpo egotea. Izan ere, normalean kanpora noa entrenatzera, bai neguan eguraldi hobearen bila, edo altuera entrenamenduak egiten ditudanean. Behin lehiaketan murgilduta, denbora oso azkar pasatzen da.

Zein iritzi daukazu zure denboraldiaz?

Hasieran zorte pixka bat falta izan nuen. Bi zulaketa izan nituen bi une garrantzitsuetan; bat Andaluzian, oso ihesaldi onean nenbilela, eta beste Alentejon, urduritasun handiko momentuan. Apirila oso hilabete zaila izan zen niretzat alergien erruz. Ez nintzen batere ibili, nire gorputza ez zebilen.

Maiatzean lasterketa onak egin nituen: Asturias, Madrid eta Rhone Alpes. Azken honetan eroriko batek sailkapen nagusi hobea egitea galerazi zidan. Etapa batean laugarren izan nintzen.

Geroago, atseden hartu eta ahalik eta hoberen prestatzen ahalegindu nintzen, Portugalerako batez ere. Emaitza hobeagoak lortzea espero nuen, baina ez da posible izan.

Aurten taldeak lehenengo garaipena lortu eta maila ona erakutsi du lasterketa garrantzitsuetan. Zure iritziz, zertan hobetu duzue iazko denboralditik aurtengora?

Uste dut talde gisa hobetu ibili garela. Asturias eta Portugal bezalako lasterketetan maila ona eman dugu. Batzuetan fisikoaz aparte, gakoa buruan dago.

Zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?

Oraindik ez dugu txirrindulari bakoitzaren egutegia zehaztu, baina parte hartuko dudan lasterketa guztietan maila ona ematea espero dut, Tour de Doubsen hasita.

Nork lortuko du taldearen hurrengo garaipena?

Nik lortzea gustatuko litzaidake! Datozen lasterketan esprintean erabakiko dira eta Jon Ander Insaustirekin aukerak izango ditugula uste dut.

Orbea
Spiuk
Kalas
Skoda Menabi
El kano
Sigma
Nutergia
Arratia
Ikolan
FSA
Bizi
Disur 2000
Biofrutal
MPCC
Arribe
Calibix
Velobook
Fullgas
Athlon
BKool
Yokogarbi
Insalus
Prevencilan
Euskorot
Morgan Blue
Aquarium