Cookie-politika

Cookie propioak eta hirugarrenen cookieak darabiltzagu gure zerbitzuak hobetzeko eta, zure nabigazio-ohituren jarraipena eginez, zure lehentasunekin erlazionatutako publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilpen honekin ados zaudela ulertuko dugu. Konfigurazio hau aldatzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, jo hona

Berriak
Eneko Lizarralde: "Munduko zale onenen babesarekin korritzea gozamena da"
Partekatu:      

Eneko Lizarralde: "Munduko zale onenen babesarekin korritzea gozamena da"

24-08-2016

Euskadi Basque Country - Murias taldeko Eneko Lizarralde oso pozik dago Burgosko Itzulian egindako lasterketarekin, 13 World Tour mailako talde aurrez- aurre izanda, eta zaleei beraien babesa eskatzen die “elkarrekin hazten jarraitzeko”.

Burgosko Itzulian podiumera igo zinen tarteko helmugen sailkapeneko irabazle gisa. Zer esanahi dauka zuretzat podio hura?

Beti polita da podiumera igotzea, eta hare gehiago hain maila handiko lasterketan. Haurra nintzenean urtero joaten nintzen lasterketa ikustera eta oso pozik nago Alberto Contador bezalako txirrindulariekin azken podiumera igotzeagatik.

Gainera, motibazioa emango dit aurrera egiten jarraitzeko, batez ere bronkitis baten erruz hilabete luzeetan lehiatu gabe egon ondoren.

Hirugarren etapan ihesaldian sartu eta hiru tarteko helmugetan lehenengo pasa zinen. Nolakoa izan zen etapa hura?

Oso etapa azkarra izan zen, itzuliko guztiak bezala eta gainera luzeena, 200 kilometro.

Asko kostatu zen ihesaldia egitea eta, behin ihesaldia eginda, tropelak estu lotu gintuen. Lehenengo mendateko esprintean Giant-Alpecin taldeko txirrindularia gailendu zen eta ihesaldiko beste txirrindulariek tarteko helmugetan garaipena lortzen saiatu ginen.

Ondo sentitzen nintzen eta hiru esprintetan lehenengo postua lortu nuen, etapa amaieran maillota ziurtatzeko.

Zeintzuk dira desberdintasun nagusiak World Tour mailako taldeekin lehiatzeko orduan?

Erritmoa asko nabaritzen da. Hala ere, oso egutegi ona daukagu eta, horreri esker, World Tour mailako taldeekin asko lehiatzen gara. Pixkanaka ohitzen zoaz lasterketaren gogortasunera.

Taldeak maila ona eman du onenekin lehiatu den bakoitzean. Zein balorazio egiten duzu denboraldiaz?

Uste dut aurrera pauso bat eman dugula, parte hartu dugun lasterketa bakoitzean lehiakorrak garela erakutsi dugu eta buruan ibili gara oso maila altuko lasterketetan. Gainera, lehenengo garaipena lortu dugu Imanolekin eta espero dugu progresio horretan pausu gehiago ematen jarraitzea.

Eta nola ikusi duzu zure burua?

Egia esanda, denboraldia ez da uste bezain ona izan. Indartsu hasi nintzen eta inoiz baino hobeto sentitu nintzen, baina osasun arazoek luzaroan lehiatu gabe eduki naute eta ez da bide erraza izan, horregatik oso polita izan zen niretzat Burgosko Itzulian podiumera igotzea.

Etxeko lasterketetan zaleek babes handia erakusten dizuete. Zein mezu bidaliko zenieke euskal zaleei?

Beti da gozamena etxean lehiatzea, munduko afizio onenaren babesarekin. Laguntzen jarraitzeko eskatuko nieke eta espero dut elkarrekin aurrera pauso bat eman eta guztion artean talde euskaldun bat berriz ere mailarik onenera eramatea.