Cookie-politika

Cookie propioak eta hirugarrenen cookieak darabiltzagu gure zerbitzuak hobetzeko eta, zure nabigazio-ohituren jarraipena eginez, zure lehentasunekin erlazionatutako publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilpen honekin ados zaudela ulertuko dugu. Konfigurazio hau aldatzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, jo hona

Berriak
Enrique Sanz, hirugarrena Portugalen
Partekatu:      

Enrique Sanz, hirugarrena Portugalen

24-03-2019

Enrique Sanzek irabazi du Alentejoko Itzuliaren seigarren eta azken etapa, 152 kilometrokoa Portalegre eta Évora bitartean, hirugarren garaipena Euskadi-Murias taldearentzat Portugalen.

Eguna bikaina izan da euskal multzoarentzat. Hain zuzen, Beñat Intxausti eguneko ihesaldian sartu da. Zalantzarik gabe, Intxaustik urrats nabarmenak eman ditu Portugalen, talde lana egiten eta protagonista izaten gainera.

Tropela iheslariak harrapatuta, Euskadi-Murias ezin hobeto lehiatu da helmugan. Sanzek besoak altxatu ditu, hirugarren aldiz itzulian, aurreneko biak irabazi baitzuen nafarrak; Mario Gonzalez eta Cyril Barthe hirugarren eta seigarren postuak erdietsi dituzte saioan, hurrenez hurren. Intxausti bera, Julen Irizar eta Hector Saez beste taldekideak izan dira Portugalen -Aritz Bagüések erorketa izan zuen lehendabiziko etapan eta lasterketa utzi zuen-, Ruben Perez zuzenduta. Sailkapen nagusian, Mario Gonzalezek zortzigarren postua lortu du eta Cyril Barthek, berriz, 15.a. Azkenik, Sanz bigarren sailkatu da Erregulartasunaren sailkapenean, hiru garaipenei esker.

Enrique Sanz: "Etapak irabaztea zen helburua irteeran eta lau genituen zerrendan. Beraz, hiru poltsikaratzea sekulako poztasuna da niretzat eta taldearentzat. Taldearen lana itzela izan da eta ni hiru aldiz irabaztea oso ondo dago. Bide horri heldu behar diogu orain eta jarraitu horrela lan egiten. Oso pozik gaude taldean eta ospatuko dugu... Edonola ere, lasterketa garrantzitsuenak orain helduko dira. Hemen lortutakoa errepikatzen saiatuko gara, behintzat batean edo bietan. Gozatzea beste gakoa da, izan ere, gozatzen emaitzak etorriko dira. Eskerrik asko talde osoari emandako konfiantza eta babesa ahaztuezina izan da-eta".

Hurrengo lasterketa Catalunyako Itzulia du Euskadi-Murias taldeak, astelehenean hasita WorldTour mailako proba. Mikel Aristi, Fernando Barceló, Mikel Bizkarra, Gari Bravo, Mikel Iturria, Óscar Rodríguez eta Sergio Samitier zazpi txirrindulariak dira irteeran.

Argazkia: Volta ao Alentejo