Cookie-politika

Cookie propioak eta hirugarrenen cookieak darabiltzagu gure zerbitzuak hobetzeko eta, zure nabigazio-ohituren jarraipena eginez, zure lehentasunekin erlazionatutako publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilpen honekin ados zaudela ulertuko dugu. Konfigurazio hau aldatzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, jo hona

Berriak
Francis Lafargue: "Txirrindulari izatearen ametsa berpiztu behar dugu"
Partekatu:      

Francis Lafargue: "Txirrindulari izatearen ametsa berpiztu behar dugu"

14-03-2017

Euskadi Basque Country – Murias Taldearen Nazioarteko Harremanetarako Erlazioen arduraduna, Francis Lafargue (Biarritz, 1955), taldean egiten duen lanaz, urteetan zehar izandako esperientziaz eta Euskadin kirol honek bizi duen egoeraz aritu da. “Ikustera joan nintzen lehen lasterketa Lasarteko Munduko Txapelketa izan zen”, gogoratu du, “ordutik, lasterketa eta abentura ugari bizi izan ditut”.

Talde garrantzitsuetan lan egin duzu, txapeldun handiekin. Zer suposatzen du zuretzat proiektu berri honetan aritzeak?

Egia esateko, ilusio handiz ekin diot proiektu honetan lan egiteari. Urte asko eman ditut mundu honetan, hau nire 35. Tourra izango da. Euskaldun gisa, sentikortasun handiz bizi dut proiektu hau, beti izan naiz euskal txirrindularitzaren defendatzaile. Iraganean neukan kemena orain daukadan esperientziarekin orekatzen dut eta proiektu honi eman diezaiokedana emango diot.

Oso harro nago proiektu honen parte izateaz. Jon Odriozola nire laguna da eta pertsona bikaina, lagundu ahal izan diodanean ez dut sekula zalantzarik izan.

Nola ikusten duzu txirrindularitzaren egoera Iparraldean?

Egoera ez da batere ona. Bi profesional daude, Sicard eta Chetout, baina atzetik ez dago ezer. Mutil batek jubenil mailan lasterketa bat irabazten duenean hurrengo izarra dela uste dugu. Hau ezin da horrela izan. Egitura daukagu, lana ondo egiten duen jendea, hala nola Thierry Elissalde, baina guregana etorri eta “aizu, korritu egin nahi dut, ez daukat bizikletarik eta laguntza behar dut” dioten mutilak falta zaizkigu.

Eta nola erakarri gazteak bizikletaren mundura?

Gazteek beste aukera ugari dituzte aisialdirako, bai eta erakargarriagoak diren beste kirolak ere. Txirrindularitza asko eskatzen duen kirol gogorra da. Piramidearen oinarria zaindu behar dugu eta hori da, hain zuzen ere, proiektu honekin lortu nahi duguna.

Erreferenteak falta dira ere, haurren mirespena pizten duten txirrindulariak. Txikitatik beraiek bezalakoak izan nahi badute, gazteetan amets hori lortzeko aukera eman behar zaie. Perico eta Miguelen garaian lizentziek ikaragarri gora egin zuten.
Logelako posterretan eta gaueko ametsetan zeuden txirrindulari haiek. Txirrindulari izatearen ametsa berpiztu behar dugu. Orain hori galdu egin da, frantzian ere gertatu zen Fignon eta Hinault-en garaiaren ondoren.

Bertan txirrindularitza bizirik dirau.

Bai, lasterketa egutegi oso ona mantendu egin dutelako. Hori oso ondo egin dute. Honek talde apalak bizirautea ahalbidetu du eta orain fruituak jasotzen ari dira. Hemen ezin izan dugu hori egin. Frantziako Kopa bat, urte osoan zehar lasterketak dituelarik, taldeek egiturak mantentzea eragiten du eta gazteek hobetzeko aukera daukate. Orain belaunaldi bikaina dute Frantzian, Bardet, Pinot, Démare edo Bouhanni bezalako txirrindulariekin.

Hemen krisialdiaren erruz lasterketa asko desagertu dira. Egutegi on bat ez badago, taldeek ezin dituzte beraien egiturak mantendu eta talderik gabe ezin da txirrindularirik egon. Horra euskal txirrindularitzaren sorgin-gurpila.

Frantziako egutegiari esker, gure taldeak urteko 10 hilabeteetan lehiatu dezake.

Bai, harro sentitzen naiz taldeak lasterketa hauetan egoteaz. Oso azkar ibiltzen da bertan eta asko ikasteko balio gaituzte. Hemen otsailean lehiatzen gara eta apirila arte itxaron behar duzu berriz ere lehiatzeko. Eta abuztua ondoren ez dago lasterketarik. Frantzian urrira arte ia igandero parte hartu dezakezu lasterketetan. Oso pozik nago frantzian parte hartzen dugun lasterketekin, horietako batzuk historia handiko lasterketak dira gainera, hala nola, Route du Sud edo Paris – Camembert.

Hala ere, taldeak lasterketa hauetan egiten duen ahalegina ez da balioesten.

Ez daukagu esprinterrik, ez dira lasterketarik onenak gure txirrindularientzat, baina ikasteko balio digute. Mailaz igotzea lortuko bagenu, Paris Niza edo Critérium du Dauphiné bezalako lasterketan parte hartzeko aukera izango genuke, gure zaleentzat ezagunagoak eta erakargarriagoak direnak.

Orain formazio fasean gaude. Ezin ditugu txirrindulari irabazleak fitxatu, baina kalitate kontzeptuan asko sinesten dut. Gai izan behar dugu txirrindulari gazteenetan maila atzemateko, beraiekin lan egin eta txapeldun berriak sortzeko.

Txapeldun handi batek, talentuaz beste, beste ezaugarriak behar ditu. Perico Delgado edo Miguel Indurain oso hurbil izan dituzu. Zein bereizgarri zituzten txapeldun handi hauek?

Garrantzitsuena talentua izatea da, gaitasuna, baina beste hainbat ezaugarri behar ditu txapeldun handi batek. Kontua ez da bakarrik zenbat watt mugitzen dituen. Borondatea behar duzu, sakrifizio eta sufrimendu gaitasuna, diziplina, familia-ingurune egokia,… guzti horiek dira txapeldun handi baten ezaugarriak. Miguel Indurain guzti horren eredu zen.

Bere datu fisiologikoak ikaragarriak ziren, baina batez ere bere sufritzeko gaitasuna eta diziplina nabarmenduko nituzke. Dena zeukan arrakasta lortzeko.

Beste txirrindularitza zen hura…

Urte hauetan asko aldatu da txirrindularitza. Uste dut pultsometroak aldaketa handia eragin duela entrenamenduengan. Txirrindularitzak alde askotan egin du aurrera. Pultsometroaren lehenengo urteetan Miguel (Indurain) helmugan sartu eta “Polar”-a atzeko poltsikotik ematen zidan. Pultsometroari begira ibili izan balitz agian ez zituzkeen hainbeste lasterketa irabaziko. “Polar”-aren preso bazara, agian hanka zertxobait altxatzen duzu.

Zientifikoegia ahal da gaur egungo txirrindularitza?

Pertsonalki, ez dut gogoko hain zientifikoa den egungo txirrindularitza. Korritzeko modu hau, watt-ioei begira, zuzendariek lasterketa momentu oro kontrolpean daramatelarik, lasterketaren izaeraren kontra doa. Badirudi zuzendariak “Playstation”-ean jolasean dabiltzala txirrindulariekin. Gustatzen zaidan txirrindularitzan mugimendua, estrategia, bat-bateko erasoak dira nagusi. Txapeldunen txirrindularitza dut gogoko, buruan lasterketa daukatenen txirrindulari bizkorrena.

Hala ere, txirrindularitzak oraindik jendea hunkitzen du hemen. Zergatik gustatzen zaigu horrenbeste kirol hau euskaldunoi?

Kirol gogorra da, sakfrizio handia eskatzen duena eta horrek bat egiten du gure nortasunarekin. Zein berezitasun ditu hemen txirrindularitzak? Hemen txirrindularitza-kultura handiagoa dugu, txirrindularitza euskaldunon ondarea da, belaunaldiz-belaunaldi pasatzen dena. Jendeak oporrak hartzen ditu familiarekin Tourmaletera joateko. Hemen beharrezkoa den guztia daukagu txirrindularitza hil ez dadin.

Nik asko lotzen ditut zaleak eta miresten dituzten txirrindulariak. Amets eginarazi zidaten Kas eta Fagoreko txirrindulari asko. Horietako batzuk orain nire lagunak dira. Izen handi horiek arrastoa uzten dute jendearengan eta beraien garaipenak bizitza guztian zehar oroimenean geratzen dira.

Pirinioak laranjaz margotuta eta ikurrinaz beterik. Irudi haiek ospe handia eman zieten euskal zaleei.

Nik jendea Pirinioetara joaten dela ikusten dut. Beti familiarekin joan diren berberak dira, ikurrinarekin, baina ez doaz iraganean zioazen gogoarekin. Pirinioetako giroa behera egin du nabarmen, Prudhomme-ekin hitz egin dut behin baino gehiagotan. Tourrari proiektu hau interesatzen zaio, baina guk eman behar dugu pausoa.

Euskal zaleek Tourrean txirrindulariak behar dituzte motibazioa izateko. Proiektu honen filosofia talentua duten txirrindulariak bilatzea eta hazten laguntzea da, etorkizunean jendea berriz ere hunkitu dezaten.

“Indurain ikusi nuen lehenengo aldian, Francesco Moser-en aurrean nengoela pentsatu nuen”


Txirrindularitzan izan duen ibilbide luzean, Francis Lafargue-ek historia eta pasadizo ugari bizi izan ditu. Bihotzez gogoratzen du Miguel Indurainen lehen pausoak profesional mailan.

“1995 urteko Etorkizuneko Itzulian izan zen, ia ez nuen ezagutzen”, kontatzen du. “Echávarrik erlokupekoetan izugarri zebilen txirrindulari bat ikustera joan behar nuela esan zidan. Nire 2 zaldiko kotxea hartu eta Lourdesera joan nintzen. Echávarrik garai hartaoko “cabra” berrietako bat ekarri zion erlojuperako eta hotelera iritsi nintzenean bizikleta berriaz ari ziren solasean. Indurainek ez zuen ezer jakin nahi bizikleta berriaz, bizikleta hura ordura arte ez zuela probatu eta ez zuen erabili nahi. Erlojupekoa betiko bizikletarekin egin nahi zuen eta bai ondo egin ere. Irabazi egin zuen Breukink eta Bernard-en aurretik. Bere determinazioak harritu ninduen”, gogoratzen du.

“Erlojupekoa kotxean jarraitu nuen eta harrituta nengoen. Tipoa ez zen batere mugitzen. Francesco Moser-en atzen nenbilela uste nuen, altua eta pisu handiko gizona zen, klasikomano baten ezaugarriak zituen. Eta begira, zorionez, huts egin nuen”, amaitzen du.