Cookie-politika

Cookie propioak eta hirugarrenen cookieak darabiltzagu gure zerbitzuak hobetzeko eta, zure nabigazio-ohituren jarraipena eginez, zure lehentasunekin erlazionatutako publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilpen honekin ados zaudela ulertuko dugu. Konfigurazio hau aldatzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, jo hona

Berriak
Gari Bravo: "Hau izan da nire denboraldirik onena"
Partekatu:      

Gari Bravo: "Hau izan da nire denboraldirik onena"

26-09-2016

Euskadi Basque Country – Murias taldeko txirrindularia denboraldiaren azterketa egin eta urteko momenturik onenak eta txarrenak aipatu ditu, Asturiaseko Itzulian podiumetik oso gertu ibili eta aurreneko hamarretan hainbatetan sartu den urtean.

Aurtengo denboraldia ia amaitu dela, zer nolako balorazioa egiten duzu? Zer nota jarriko zenioke zure buruari?

Balorazioa positiboa da. 7 urte daramatzat profesionaletan eta hau izan da nire denboraldirik onena: laugarren Asturiasen eta Madrilen, hirugarren Asturiaseko etapa erreginan, bigarren eta hirugarren Alentejoko bi etapetan eta hamar aldiz baino gehiagotan sartu naiz aurreneko hamarretan. Irabaztea falta izan zait, baina 8,5eko nota jarriko nioke nire buruari.

Momenturik onena eta txarrena?

Nire momenturik onena Asturiaseko itzulian hirugarren postua lortu nuen egunean. Burutik pasa zitzaidan irabazteko ahalmena nuela, eta aukerekin ikusi nuen nire burua, baina Pardilla eta Carthy indartsuagoak izan ziren. Txarrena, Asturiaseko azken etapa, bi segundorengatik podiumetik kanpo geratu nintzenean. Azkenik, hirugarren postu hura Dani Morenok lortu zuen.

Taldeak aurrerapauso nabarmena eman du aurten. Zertan hobetu du taldeak bereziki?

Talde moduan indartsuagoak izan garela uste dut eta nabaritu egin da txirrindularien mailari dagokionez. Orbea bizikletarik onenak izan ditugu aurten, kontinental mailan ia inork ez dituen aldagailu elektronikoekin. Arroparik onena izan dugu ere, ez dugu ezer faltan izan.

Portugaleko Itzulian, denboraldiko helbururik nagusienetariko batean, taldea asko ahalegindu zen, baina ez zuen  saririk jaso. Nolakoa izan zen lasterketa hura?

Lehenengo egunetik oso azkar ibili ginen. Nire helburua ondo ibiltzea zen, baina ez nintzen eroso sentitu, eta ezin izan nuen ezer onik atera. Amaierara itxaron, ihesaldietan sartu,…denetik egiten saiatu nintzen, baina ez nintzen batere ondo sentitu, beharbada hasieratik nekatuta….

Zu taldeko beteranoetarikoa zara. Nola ikusi dituzu taldeko gazteak?

Denek hobera egin dute. Duten guztia ematen dute maila altuan ibili eta ikasteko. Ez dut atsegin izenak ematea, denak maila berean balioesten ditudalako, baina Alex Aramburu asko gustatu zait. Maila altua dauka eta nabari egin da.

Proiektu honek daukan sendotasunetariko bat, zaleen babesa da. Nolakoa da Euskal zaleen babesarekin korritzea?

Zaleen babesik gabe hau ez litzateke posiblea izango. Munduko zalerik onenak hemen daude eta proiektu honek hazi egin behar du. Horregatik, ezinbestekoa da etorkizunean Euskal Herriko Itzulian, Donostiako Klasikan edo Espainiako Vueltan parte hartu ahal izatea. Hori bai, Frantziako Tourra ahaztu gabe eta, horretarako, euskaldunok proiektu honen alde apustua egin behar dugu. Momentuz daukagun bakarra eta sendoena da.

Euskadin txirrindulari profesional izatea zaila da oraindik, naiz eta harrobian talentu handia egon. Zer esango zenieke orain mundu honetan lehenengo pausoak ematen dituzten gazteei?

Beraien ametsak lortzeko borroka dezatela. Txirrindularitza ez dabil momentu onean, baina ziur nago egoera hobera egingo duela eta Euskadi Basque Country – Murias taldeak ateak irekiko dizkiela harrobian ditugun gazteei.