Cookie-politika

Cookie propioak eta hirugarrenen cookieak darabiltzagu gure zerbitzuak hobetzeko eta, zure nabigazio-ohituren jarraipena eginez, zure lehentasunekin erlazionatutako publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilpen honekin ados zaudela ulertuko dugu. Konfigurazio hau aldatzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, jo hona

Berriak
Mikel Bizkarra: "Mendiko etapa gogorretan garaipenaren lehian sartu naiteke"
Partekatu:      

Mikel Bizkarra: "Mendiko etapa gogorretan garaipenaren lehian sartu naiteke"

21-06-2016

Euskadi Basque Country Murias taldeko txirrindulariak Route du Sud lasterketan burututako lasterketa bikainaren balorazioa egin du eta orain arte izandako sentsazioez eta hurrengo helburuez aritu da.

Zein balorazio egiten duzu taldeak Route du Sud-en egindako lasterketaz?
 
Balorazioa oso positiboa da, taldeak oso maila altua eman du etapa guztietan. Ihesaldietan egon gara eta lasterketa gogortu denean hainbat txirrindulari izan ditugu buruan. Horrek adierazten du taldeak maila altua duela.

Eta nola ikusi duzu zure burua?

Oso gustura gelditu nahiz, uste dut berriz ere erakutsi dudala desnibel eta gogortasun handiko mendiko etapetan ondo ibiltzen naizela eta tokatzen zitzaidan lekuan egon naiz. Hori bai, beti gehiago nahi da eta zertxobait gorago egotea gustatu litzaidake.
 
Nola da Tourmalet mitikoa lasterketan igotzea?
 
Lasterketan lehen aldiz igo nuen larunbatean, entrenatzen igo izan dut eta ezagutzen nuen bere gogortasuna, baina ez du zerikusirik. Oso gogor jo zuten azpi-azpitik eta taldea pixkanaka-pixkanaka sakabanatzen joan zen, baina oso ondo sentitu nintzen igoera osoan zehar. Gainean elurra azaldu zen eta horrek amaiera epikoa eman zion. Ekainean, ia udaran, eta elurpean…
 
Nola ikusi duzu taldea denboraldian osoan zehar?
 
Taldea oso maila altua ematen ari da, parte hartzen duen lasterketa guztietan nabarmendu nahian. Gainera, Imanolekin lehen garaipena lortu dugu eta hainbat aldiz zutoinean jo dugu.
 
Pertsonalki uste dut hau izaten ari dela profesional mailan burutu dudan denboraldirik onena. Hasiera gogorra izan zen eta ezin izan nuen maila onik eman lehenengo hilabeteetan, nahiz eta neguan inoiz baino prestaketa gogorragoa egin eta sekula baino sentsazio hobeak izan.
 
Apiriletik aurrera lasterketetan hobeto sentitu nahiz eta emaitzak hor daude. Espero dut maila honetan irautea denboraldiaren amaiera arte.
 
 Zein izan da zure momenturik onena?
 
Bi momentu izan dira bereziki onak. Lehenengoa, Acebo mendatean, Asturiaseko Itzulian: onenekin izan nintzen, mendiko etapa batean garaipenaren borrokan, eta laugarren sailkatu nintzen. Emaitza horrek neure buruan gehiago sinesteak eragin zuen, eta konturatu nintzen beste lasterketetan zerbait oso ona lortu nezakeela.
 
Beste momenturik onena Route du Sud-en izan da. Onenekin egotea hain etapa gogorrean eta eguraldi oso txarrarekin positiboa izan da niretzat, erakusten duelako Asturiaseko emaitza ona ez zela halabeharrez gertatu.
 
Gainera, emaitza horrek berretsi egin du mendiko etapa gogorretan garaipenaren borrokan sartu naitekeela. Bestetik, oihartzun handia izan du Route du Sud-ek, etapa telebistaz zuzenean ikusi ahal izan zelako.
 
Nola ikusten duzu taldea Espainiako Txapelketari begira?
 
Taldea egoera ezin hobean iritsiko da, txirrindulari guztiak berreskuratu ditugu eta hamalau taldekide izango gara lasterketa hasieran. Hau oso garrantzitsua izango da Movistar edo Caja Rural bezalako talde indartsuen kontra lehiatzeko.
 
Kontuan hartzeko taldea garela erakutsi dugu Route du Sud-en eta borrokan sartzeko gogo handiz joango gara eta garaipena edo podiumaren lehian amaiera arte egon nahi dugu.
 
Denboraldi amaiera arte, zein lasterketan gustatuko litzaizuke nabarmentzea?
 
Bi lasterketetan, guztien gainetik. Ordiziako Klasikoan eta Burgosko Itzulian, Lagunas de Neilan amaituko den mendiko etapan batez ere. Ordizia etxeko lasterketa da, eta zaleek beti babestu eta bultzatzen gaituzte. Beti ondo sentitu izan naiz lasterketa honetan, baina zertxobait falta izan zait garaipenaren lehian sartzeko. Nahiko nuke aurten pauso hori ematea!
 
Asturiasen, Lagunas de Neila beti izan dut oso gustuko, behin baino gehiagotan izan naiz protagonista eta bertan lortu ditut nire emaitzarik onenak. Gainera, asteburua eta abuztua izanda, jendez gainezka egoten da igoera eta euskaldun asko hurbiltzen dira animatzera. Horrek beti aparteko motibazioa ematen digu.
 
Aurten lasterketa frantziar askotan parte hartu duzue. Nolako harrera dauka taldeak Frantzian?
 
Frantzian oso ondo hartzen gaituzte, lasterketa askotan parte hartzen ari gara, horietako batzuk maila oso altukoak, hala nola Frantziako Kopako probak edo Route du Sud. Hain izen handiko probetarako gonbidapena jasotzea ohore handia da guretzat eta nabari da Frantzian ikusten dutela gauzak ondo egiten ditugula, talde serio bat garela eta maila daukagula onenekin lehiatzeko.
 
Hemengo lasterketekin alderatuz oso desberdinak dira eta gure ezaugarriengatik, oso zailak dira guretzat. Baina uste dut esperientzia eta maila hartzen laguntzen digutela.

 Zein mezu bidaliko zenieke zaleei proiektu hau babesteko?
 
Garrantzitsuena, gaur eguneko Euskal talde profesional bakarra garela. Talde gaztea gara, hazteko maila eta gogoarekin. Guztion laguntzarekin txirrindulari onenekin lehiatu dezakegu, euskaldun guztiak batu eta zale hoberenekin lasterketa onenetan parte hartu.
 
Nork lortuko du taldearen hurrengo garaipena?
 
Laster iristea espero du eta horrekin batera, beste asko. Ez litzateke txarra izango ni neuk lortzea!